Beste adierazle ekonomiko batzuk

Zuzeneko eragina Nafarroako ekonomian

Liburutegiek eragin nabarmena sortzen dute Nafarroako jarduera ekonomikoan ere:

– zuzeneko eta zeharkako enplegua sortzen dute, eta soldata horiek euskarri ekonomikoa dira etxeetan eta familia-unitateetan;

– Nafarroako enpresetan kontratatzen dituzte ondasunak eta zerbitzuak;

– herrietako liburu-denda eta hornitzaileei erosten dizkiete materialak;

– tasak eta zergak ordaintzen dituzte, administraziora itzultzen direnak;

– garraio-gastuak eta liburutegiarekin lotutako beste kontsumo batzuk egiten dituzte erabiltzaileek…

Zuzeneko eragin ekonomikoa da hori: 14,6 milioi euro Nafarroan, 2014. urtean.

Nafarroako liburutegiek 300 zuzeneko enplegu baino gehiago (lanaldi osoen baliokide) sortzen dituzte, eta horrek soldatetan eragiten duen gastua liburutegi-estatistiken bidez ezagutzen da. Zeharkako enplegua ere sortzen dute, baina zaila da zehaztea zenbat: garbiketa, segurtasuna, mantentze-lanak…. (ikerlanak ez du balio hori bildu).

Inoiz-edo pentsatu dut horri buruz: hondamendia izango litzateke gurea bezalako inguru batean liburutegia ixtea, hondamendi kulturala eta soziala. (LP)

Egindako inkesten bidez kalkulatu dira erabiltzaileen joan-etorriek eragindako gastuak (autoz, motoz edo garraio publikoz egindako bisitak kontuan hartu dira gastuak kalkulatzeko).

Liburutegia […] aldizkari mediko espezializatuak modu elektronikoan kontsultatzeko aukera ematen duenez, eta ekipoaren euskarria, funtsezkoa da aurrerapen zientifikorako Nafarroan. Espezializatuta daude, eta oso azkarrak eta eraginkorrak dira. (LE)

Ondare-bildumen balioa

45

Edonork kontsultatzeko moduko bildumez gain (urtero eguneratzen eta berritzen dira horiek), bibliografia-ondare nabarmena gordetzen da Nafarroako liburutegi batzuetan. Jendeak gutxiago ezagutzen badu ere, nahiko balio handia du, bai tamainagatik eta eman dakiokeen balio ekonomikoagatik, bai, batez ere, Nafarroako gizartearentzat duen garrantzi historikoagatik eta kulturalagatik.

Hamar nafarretik zortzik (%81,4) uste dute nahiko edo oso garrantzitsua dela liburutegiek historia- eta ondare-intereseko liburu eta beste material batzuk gordetzea, edota herriko edo eskualdeko kulturari buruzkoak.

Liburutegi-sistemaren barruan dauden ondare-funtsek 388.710 ale hartzen dituzte. Bilduma horien balio ekonomikoa kalkulatu beharko bagenu, 16 milioi eurotik gora kokatuko genuke, behetik jota.

Funts horiek euskarri ordezkaezina dira Nafarroaren nortasun komunitariorako eta Nafarroako herrien historiarako eta nortasunerako. XVI. mendetik gaur arte Nafarroan inprimatutako liburu eta liburuxka gehienak edota Nafarroari buruz eta bere historia, kultura, pertsonaia eta abarrei buruz dauden funts osatu eta zehatzenak daude, besteak beste, bibliografia-altxor horretan.

46

Nafarroako Liburutegia da ondare-funts gehien dituen liburutegia: 170.000tik gora izenburu, mende batean baino gehiagoan bildutakoak. Horietako 35.000 inguru 1841 baino lehenago argitaratu ziren; beste 35.000 izenburu 1841 eta 1958 artean (urte horretan hasi zen indarrean lege-gordailua) argitaratu ziren; eta gainerako 100.000ak lege-gordailuz gordetakoak dira. Funts horien balioa 6,3 milioitik gora litzateke merkatuan, kontuan hartu gabe funtsen koherentzia tematikoaren balio erantsia.

Hainbat liburutegi pribatuk ere ondare-intereseko bilduma esanguratsuak gordetzen dituzte, bereziki erlijio-erakunde batzuetakoek. Liburutegi espezializatuetan gortzen diren 1901 baino lehenagoko izenburuak 114.000tik gora dira, eta liburutegi unibertsitarioetan gordetzen direnak, ia 80.000.

Aurrekontu-testuingurua

Liburutegiek sortutako gastuak administrazio eta erakundeetako gastu osoaren aldean duen pisua ezagutzeak, termino ekonomikoetan, interes handiko datu bat ezagutarazten ahal die herritarrei.

Ez da erraza datu eta portzentaje horiek interpretatzea, ez baitago beste sektore edo azpisektore eta beste lurralde-eremu batzuen konparazio-erreferenterik. Edonola ere, hauxe hartu behar da kontuan:

  • Nafarroako Gobernuaren datuetan (Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen bidez emandako datuak), liburutegien gastuetan biltzen dira Nafarroako Liburutegiaren finantzazioa zein herrietako liburutegi publikoetarako eta liburutegi espezializatuetarako ekarpena, baina ez liburutegi unibertsitarioak edo eskoletakoak.

  • unibertsitateen portzentajezko erlazioa aipatu erakundeen gastu likidatu osoaren gainean ezartzen da.

  • Civicanen kasuan, Nafarroako Kutxa Fundazioak Iruñean duen zentroari soilik dagozkio datuak.

>> Onurak pertsonentzat; onurak guztientzat