…ez dut ulertzen nola jar dakiokeen preziorik ondasun komun bati, 2000. urteko hiri bateko “ekipamendu” bati. (LP)
Badakigu, oro har, zenbat liburutegi dauden Nafarroan, zenbateko gastua sortzen duten urtean eta nola finantzatzen diren gastuak. Baina ez gara ausartzen esaten gastua handia edo txikia den, ondorio positiborik eragiten duten Nafarroako ekonomian edo finantzazio-maila egokia den. Balio-judizioak dira horiek eta, normalean, herritarrek ez dute haien gaineko erreferenterik.
Bestetik, liburutegi-zerbitzuek (bai publikoak, bai hezkuntza- zein ikerketa-arloetakoak) finantzazio publiko edo pribatua dute eta, horregatik, merkataritza-trukeetatik kanpo gelditzen dira gehienak; ondorioz, ez zaie merkatu-preziorik jartzen, ez zaie ondasunek eta zerbitzuek gizartean duten balioa neurtzeko ohiko erreferenterik esleitzen.
Airea bezalakoa da: badago, eta arnasten duzu. Eta, ez badago, falta duzu. (LP)
Bestetik, liburutegi-zerbitzuek (bai publikoak, bai hezkuntza- zein ikerketa-arloetakoak) finantzazio publiko edo pribatua dute eta, horregatik, merkataritza-trukeetatik kanpo gelditzen dira gehienak; ondorioz, ez zaie merkatu-preziorik jartzen, ez zaie ondasunek eta zerbitzuek gizartean duten balioa neurtzeko ohiko erreferenterik esleitzen.
Azken hamarkadetan, merkatuan txertatuta ez dauden erakunde eta zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko jardueren balio ekonomikoa neurtzeko metodologiak garatu dira nazioartean. Inbertsioaren itzulkina (ROI, Return On Investment) izenekoa liburutegietara egokitu, eta euren zerbitzuen moneta-balioa kalkulatzeko erabili da, gizarteari ematen dioten etekin ekonomikoa ezagutzeko helburuz.
Amerikako Estatu Batuetan eta beste zenbait herrialdetan garatutako ikerketa eta tresna ugariak ere erabili dira ikerlanerako. Bartzelonako Diputazioak eta Fesabid federazioak Espainian egindakoak hartu dira, gehienbat, erreferente metodologikotzat liburutegien balio ekonomikoa kalkulatzeko.
Nafarroako liburutegietan egindako azterketak baieztatu du nafar gizarteak balorazio ona ematen diela liburutegiei; halaber, agerian utzi du badaudela datu ukigarriak ikuspuntu desberdinetatik sortzen dituzten onurak neurtzeko. Egindako inbertsioari dagokionez, errentagarritasun handiko zerbitzutzat jotzen dira liburutegiak, hau da, jendeak antzematen du errendimendu handiko motorra direla eta egiten duten ekarpena datu ekonomikoetan ere neurtu daitekeela.
Liburutegien balioa
Nafarroako liburutegien balio ekonomikoa kalkulatzeko, iturri eta metodo desberdinak erabili dira ikerlan honetan, eta zorrotz-zorrotz egin dira kalkulu guztiak. Emaitza adierazleen multzo bat da, liburutegien errentagarritasuna agerian uzten duena, inbertsioari dagokionez.
Itzulkin ekonomikoak liburutegi-sistemak sortzen dituen etekin ekonomikoak laburtzen ditu gastuei dagokienez, hau da, kalkulatutako balioaren eta gastu osoaren arteko finantza-arrazoia urte batean.
Ez zait egokia iruditzen ekonomiari buruzko kalkuloak oinarrizko zerbitzuetan. Etekin ekonomikoa eta inbertsioa gutxienekoa da kasu hauetan. (LP)
2014an Nafarroako liburutegietara bideratutako € bakoitzeko, hauek itzuli ziren gizartera:
-
3,49 €-tik (liburutegi-zerbitzuen erabilera merkatu-prezioen bidez baloratzen bada),
-
4,66 €-ra bitarte (liburutegi-zerbitzuen erabileragatik zenbat ordaindu beharko luketen baloratzen badute).
Bi kasuetan, eta metodologia desberdinak erabilita ere (merkatu-prezioen esleipena ala balorazio kontingentea), oso emaitza positiboak lortzen dira liburutegien erabilgarritasun ekonomikoa baloratzeko orduan.
Kalkulu kontserbadoreenaren arabera, Nafarroako liburutegien urteko balioa 61,7 milioi euro da. Gastuak kenduta (17,7 milioi), liburutegiek sortzen duten etekin garbia 44,1 milioi euro da.
Nire ustez, kalkulaezina da liburutegien balioa, onura handiak ekartzen baitizkigute; garrantzitsua da, beraz, dirua inbertitzea haietan. (LP)
Inbertsioaren itzulkina kalkulatzeko, ‘Merkatu-Prezioen Esleipena‘ izeneko metodoa erabili da, hau da, antzeko beste zerbitzuek merkatuan duten ‘prezioa’ esleitu zaie liburutegi-zerbitzuei.
Kalkulu desberdinak egin dira, liburutegi-mota zein den; izan ere, zerbitzu bat balio bateratu desberdinetatik abia daiteke liburutegi publikoetan edo liburutegi unibertsitario edo espezializatuetan. Sistemaren balio osoa liburutegi-mota desberdinen balioaren batuketa da.
Zazpi liburutegi-zerbitzuren balioa kalkulatu da, eta, horiek aukeratzeko orduan, hauxe kontuan hartu da: urteko erabilera-kopuruen gaineko informazio zehatza izatea eta merkatuan antzeko ondasun edo zerbitzuak, edo ordezkoak, izatea. Behetik jotako kalkulua da, beraz, ez baitira sartzen liburutegiek emandako zerbitzu guztiak (oso zaila da, gainera, horietako batzuen balio ekonomikoa kalkulatzea).
Prozedura bertsua erabiltzen da zerbitzu bakoitzerako:
-
urtean zehar izandako erabilera-kopurua identifikatzen da
-
balio bateratu bat esleitzen zaio erabilera bakoitzari, merkatuaren arabera.
-
zerbitzu bakoitzaren eta zerbitzu osoaren balioa kalkulatzen da.
Mailegu-zerbitzua
Zalantzarik gabe, mailegu-zerbitzua da ohikoena liburutegiek ematen dituztenetan. Erabilera-maiztasuna liburutegi publikoetan 8,1 da, 0tik 10era bitarteko eskala batean (liburutegi unibertsitarioetan, 6,7 da). Eta garrantzi handikoa da liburutegien balioari dagokionez, balio osoaren ia heren bat baita (%28,3): 10 eurotik 3.
Maileguan utzitako dokumentu bakoitzari prezio bateratua esleitzeko irizpidea hauxe izan da: deskontu-faktore bat aplikatzea gehien utzitako izenburuen batez besteko prezioari. Modu desberdinetan egin da hori liburutegi-mota bakoitzean, maileguan utzitako dokumentuak zein diren.
Liburutegi publikoen sarean, balio osoaren %41,7 da mailegu-zerbitzua, eta balio desberdinak esleitu dira sailen arabera: haurrentzakoak eta helduentzakoak; fikziozko liburuak eta fikziozkoak ez direnak; ikus-entzunezkoak, soinudunak, prentsa… 8,7 milioi euro guztira.
Liburutegi unibertsitarioetan, aldiz, liburuen mailegu-zerbitzua baizik ez da baloratu. Mailegu-zerbitzua askoz urriagoa bada ere liburutegi publikoetan baino, balioa ez da askoz apalagoa (8,1 milioi euro), garestiagoak baitira liburu eta eskuliburu zientifikoak eta goi mailako hezkuntzakoak.
Aretoetako baliabideen erabilera
Lineako zerbitzuak gorantz doazen arren, aurrez aurreko zerbitzuak, liburutegietako aretoen erabilera eta bilduma fisikoak nabarmenak dira oraindik. ‘Liburuak irakurri edo kontsultatzea, informazioa bilatzea, zerbait aurkitzea…’ da bigarren jarduera nagusia, maileguaren atzetik, erabiltzaileek liburutegi publikoetan maizen egiten dituzten jardueren artean; liburutegi unibertsitarioetan, aldiz, maileguaren eta aretoan ikastearen parekoa da.
Material desberdinak zenbat bisitatan kontsultatzen diren jakiteko, liburutegien erabiltzaileei egindako inkestak erabili dira; aretoetan egindako erabilera bakoitzaren baliorako ezarritako irizpidea, aldiz, maileguan hartu izan balitz ateratakoaren berdina da.
Baliabide informatiboak liburutegian bertan erabiltzea liburutegien balio osoaren %14,5 da: ia 10 milioi euro.
Dokumentu elektronikoak deskargatzea
Unibertsitate-komunitateko kideek (baita beste profesional batzuek ere, hala nola osasun-arlokoek), formatu elektronikoan eskuratzen dute informazioa, internet zein sare korporatiboen bidez. Liburutegi unibertsitarioek sendotu egin dituzte lineako zerbitzuak; izan ere, 2014an, 9,3 milioi dokumentu elektroniko deskargatzeko bidea eman zieten erabiltzaileei.
Dokumentu horietako asko edonork kontsultatzeko moduan daude, unibertsitateetako gordetegi propioetan. Gainerakoak, ordaindu beharreko edo lizentzia eskatzen duten dokumentuak, aldiz, erreferentzia gisa erabili dira deskargei batez besteko balioa emateko, bai Nafarroako Unibertsitateak bai Nafarroako Unibertsitate Publikoak Rebiun sarean erregistratutako datuak kontuan hartuz.
[…]oso aldizkari garestiak dira, eta luxua da eskura izatea, nik ez bainuke erosterik. Egunero erabiltzen ez baditut ere, eskura izan behar ditugu informazio-iturriak, eta horrek dirua balio du. Ez dago ezer ezeren truke; jakinduriak tokia behar du, eta gastua dakar horrek, baina merezi du azkenean. (LE)
Liburuzainen aholkularitza
Liburuzainen arreta eta profesionaltasuna da liburutegi publikoen erabiltzaileek gehien baloratzen duten alderdia: 9,1, 0 eta 10 bitarteko eskala batean. Balorazioa ez da nabarmen txikiagoa gainerako liburutegi-motetan. Bildutako iruzkinek erakusten dute zer garrantzitsua den erabiltzaileentzat aukeratzen, eguneratzen, bilatzen, iradokitzen, laguntzen eta halakoak egiten dituzten profesionalak eskura izatea.
Tokia ez ezik, liburuzainaren laguntza ere ezinbestekoa da. (LP)
Funtsezkoa da niretzat hainbat arrazoirengatik, baina, batez ere, liburuzainaren arretagatik, berrikuntzen berri ematen baitit eta egileak aholkatzen dizkidalako nire gustu eta interesen arabera. Liburuzainaren laguntzari esker, zera bilatu ahal dudalako… (LP)
Liburutegiek eskaintzen duten zerbitzu horren “erabilera” ezagutzeko, galdeketa bati erantzun diote 90 liburutegitako arduradunek; horretan, langileek aholkularitza-lan desberdinei batez beste ematen dieten denbora kalkulatu behar zuten.
Hauek guztiak daude aholkularitza-lanen barruan: informazioa modu selektiboan hedatzea, gomendioak, dokumentuak bilatzea, bibliografiari buruzko aholkularitza, erreferentzia-zerbitzua, irakurketa-gidak eta berrikuntza bibliografikoak prestatzea, eta eskolei eta erakundeei aholkatzea.
Aholkularitza-zerbitzuaren balioa 5,0 milioi euro da, hots, sistemaren balio osoaren %8,1. Balio ekonomikoa esleitzeko, liburutegi-mota bakoitzean langileek sortutako gastua kontuan hartuko da.
Programak eta jarduerak
Liburutegiek parte hartzen duten jarduera (kulturalak, heziketa-arlokoak, irakurzaletasuna sustatzekoak, sozialak eta abar) guztien balioa kalkulatu nahi du epigrafe horrek. Liburutegi publikoek 2.500 jarduera inguru erregistratu zituzten urtean zehar, hau da, zortzi bat eguneko. Bestetik, liburutegi unibertsitarioek erabiltzaileak prestatzeko 330 ikastaro baino gehiago antolatu zituzten, hau da, 1.500 ordutik gora eman zituzten (gehienak, prestakuntza aratuaren barruan).
Jardueretara bertaratutako jende-kopuruaren estatistika-daturik ez dagoenez, erabiltzaileek egindako inkestetatik egin da kalkulua: liburutegi publikoei dagokienez, irakurzaletasuna sustatzeko jardueretara edo jarduera kulturaletara joatea hartu da bertaratutakotzat; liburutegi unibertsitarioei dagokienez, aldiz, informazio-arloko trebetasun eta gaitasunetan prestatzeko jardueretara joatea hartu da, izan prestakuntza arautua ala ez izan.
Egindako programa eta jardueren balioa 2,4 milioi eurotik gora da, hau da, zerbitzuen balio osoaren %3,9. Balioa esleitzeko, udalek eskainitako jardueren batez besteko prezioa kontuan hartu da, liburutegi publikoei dagokienez; liburutegi unibertsitarioei dagokienez, ordea, ordu baten prezioa izan da erreferentzia (Nafarroako Unibertsitateko Humanitateetako ECTS kredituak kontuan hartu dira horretarako).
Ordenagailuen eta wifiaren erabilera
Kalkulatutako azken “zerbitzuak” internetekin lotutakoak dira: liburutegietatik internetera doan konektatzeko bidea ematen dutenak, sarera konektatutako liburutegietako ordenagailuekin zein liburutegiko wifiaren bidez konektatutako erabiltzaileen gailuekin. Liburutegiek eskaintzen dituzten irakurketa- eta informazio-teknologia horiek integratzea balio erantsi handia da, eta haientzat kalkulatutako balio ekonomikoa oso azpitik geratu da, ziur aski.
Izan ere, erabiltzaile gazteenek liburutegien oinarrizko zerbitzutzat jotzen dute wifi konexioa, eta behin eta berriz eskatzen dute behar bezala funtzionatu dezala. Oso behetik jota hartu behar da ikerlanerako egindako kalkulua, baliabide horiek erabiltzen dituzten baino gehiagorik ez baitzaie galdetu erabiltzaileei.
Bien artean, 2,1 milioi euroko balioa kalkulatu da, hau da, sistemaren zerbitzuei esleitutako balio osoaren %3,5.
Erabiltzen ez dituztenek emandako balioa
Liburutegien balioa osatzeko, erabiltzen ez dituztenek emandakoa hartu da kontuan.
Bai etorkizunean erabil ditzaketelako, bai antzematen dutelako onurak ematen dizkietela beste pertsona batzuei edo gizarte osoari, liburutegiak erabiltzen ez dituzten ia gehienek (%94,5) uste dute liburutegien sarea diru publikoaren bidez finantzatu behar dela. Ulertu da uste hori liburutegi publikoei dagokiela, horiek baitira edonork dohainik erabil ditzakeenak; beraz, liburutegi publikoen sareari baizik ez zaio esleitu balio hori.
4,1 milioi euroko ekarpena kalkulatu da, eta hori ikerlanak liburutegiei kalkulatutako balioaren %6,6 da.
Balio ekonomikoa, erabiltzaileen arabera
Zerbitzuei merkatuan dagoen prezio analogo bat esleitzeaz gain, badago beste metodo bat liburutegien balioa kalkulatzeko, ikerlan honetan kontuan hartu dena: ‘balorazio kontingentea’.
Pertzepzio batean oinarritzen da balorazio hori, inkesta bidez lortzen dena: kontsumitzaileek merkatuan ez dagoen ondasun edo zerbitzu baten prezioa kalkulatu behar dute. Horretarako, Nafarroako liburutegien erabiltzaileei galdetu zitzaien zenbat ordaindu beharko zuten, haien ustez, enpresa pribatu batek eman balitu azken hilabetean erabilitako zerbitzuak.
Hori nola kalkulatu ez zekitela erantzun bazuen ere inkesta egin zutenen laurden batek, gutxi gorabehera, 2.600 baleko erantzun erabili ziren emaitzak ondorioztatzeko.
Liburutegi publikoen sarearen erabiltzaileek uste dute batez beste 26,8 € hileko ordaindu beharko luketela zerbitzua enpresa pribatu batek emango balu. Zenbatekoa handiagoa da, jakina, liburutegi unibertsitarioetara joaten direnei galdetzen zaienean. Badago aldea, dena den, erabiltzaile-motaren arabera: irakasleek eta ikertzaileek zein graduondoko ikasleek kalkulatzen dute batez beste 75,3 € ordaindu beharko luketela hileko, eta graduko ikasleek, 40,6 €.
Liburutegi espezializatuei dagokienez, Osasun Zientzien Liburutegi Birtualaren erabiltzaileen erantzunak bakarrik hartu dira kontuan, erantzun-indize garrantzitsua baitzen. Kalkulua liburutegi unibertsitarioen erabiltzaileek egindakotik hurbil dago: 52,1 € hileko.
Ekarpena ikerketari
Fesabid-en ikerlanak zabaldutako bidearen ildotik, Nafarroan ere egin da liburutegiek ikerketari ematen dioten ekarpen ekonomikoaren inguruko balorazioa; Nafarroako bi unibertsitateen liburutegiak eta Osasun Zientzien Liburutegi Birtuala ikertu dira, zehazki, horretarako.
Ezinbestekoa da nire ikerketa-lanerako, bai oso baliabide osatuak ematen dituelako, bai espazio fisiko egokia daukalako lanerako. Liburutegi honi esker egin dezaket doktorego-tesia. (LU)
Ikerketa-lan edo -proiektuak egiten dituztenentzat, funtsezkoa da liburutegien ekarpena askotan, eta emaitzek baieztatu egiten dute eginkizun horren balio ekonomikoa Nafarroako liburutegien balioaren zati nabarmena dela: 16,2 milioi euro urteko, osoaren bosten bat ia.
Liburutegiek zenbat lan-ordu aurreztu dizkieten ikertzaileei; horretan datza, funtsean, metodoa. Bi multzo bereizi dira kalkulua egiteko orduan: ikertzaileak eta irakasleak, batetik, eta, bestetik, graduko zein graduondoko ikasleak. Eta hauexek identifikatu dira bi multzoetan, inkesten bidez, hurrenez hurren:
-
ikerketa-lanak egiten dituzten erabiltzaileak;
-
zenbat denbora eman dioten ikertzeari azken urtean;
-
informazioa, aurrekariak, bibliografia eta abar bilatzen eta aurkitzen emandako denbora;
-
eta nolako ekarpena egin zuen liburutegiak zeregin horietan
Ikertzea zeinen zaila izango zen garai batean!(LU)
Ikasle eta ikertzaileen kasuan, euren lanbide-kategoriari dagokion batez besteko soldata izan da irizpidea balioa ezartzeko; ikasleen kasuan, aldiz, liburu tekniko baten erabileraren balioa (lau orduko irakurraldia esleitu zaio liburu bakoitzari batez beste).
Itzulkin ekonomikoa erabiltzaileen balorazioaren arabera
Labur esanda, Nafarroako liburutegi-sistemaren balio osoa 82,3 milioi euro da, balorazio kontingentearen arabera, hau da, oinarrizko erreferentzia gisa erabiltzaileek kalkulatutako balioa hartzen duen metodoaren arabera. Kalkulu hori 20,5 milioi euro handiagoa da zerbitzuak merkatu-prezioen esleipenaren arabera kalkulatzen dituena baino, eta horixe da ikerlan honetan Nafarroako liburutegi guztientzat kalkulatu den gehieneko balioa.
Oso garrantzitsua da liburutegia nire komunitatean. Politikariek uste baino askoz ere gehiago ematen dio gizarteari. (LP)
Metodologia horren arabera, liburutegiek 4,66 € itzultzen dizkiote gizarteari funtzionatzeagatik urtean kostatzen den euro bakoitzeko, eta 64,6 milioi euroko etekin garbiak sortzen dituzte urteko.
Nafarroako liburutegien itzulkin ekonomikoaren emaitzak Bartzelonako Diputazioaren eta Fesabid-en ikerlanetan argitaratutakoak baino handixeagoak dira. Alderatzeko, dena den, bi alderdi hauek kontuan hartu behar dira: azterlanak urte desberdinetan egin ziren, batetik, eta, bestetik eta, batez ere, unibertsoak desberdinak ziren, baita liburutegien balioa kalkulatzeko metodologiak ere.
– Bartzelonan, liburutegi publikoen zerbitzuei merkatu-prezioak esleituz kalkulatu zen itzulkin ekonomikoa: 1:2,25 (2011. urtean). Nafarroan, aldiz, 1:2,47 izan zen liburutegi publikoen itzulkin ekonomikoa (1;3,06, liburutegiak erabiltzen ez dituztenen balioa gehitzen bada, Bartzelonako ikerlanak bildu ez zuena), baina 2014. urtean.
– Fesabid-en ikerlanak Espainiako liburutegi-sistema osoa biltzen du, 2010. urtean kalkulatutakoa. Merkatu-prezioen esleipenaren arabera, emaitza 1:2,80 da, eta Nafarroako sisteman, 1:3,49 (2014. urtean).
– Balorazio kontingentearen arabera, ordea, Fesabid-en ikerlanak ateratako itzulkin ekonomikoa 1:3,83 zen, eta Nafarroakoak, 1:4,66 (2014. urtean).
Edonola ere, ez dago alde handirik ikerlan horietan eta beste herrialde batzuetan egindakoetan ateratako emaitzen artean, nahiz eta balio handienetara iritsi ez: itzulkin ekonomikoa 1:10,18 izan zen Floridan (AEB), 2013an. Erreferentzietan, hainbat ikerlanen emaitzen arteko konparazio-taula bat dago.