Nafarroako liburutegi-sistema edo, zehazki esanda, Nafarroan dauden liburutegi-multzo eta liburutegi-zerbitzu guztiak dira ikerlanaren eremua. Datu orokorrak liburutegiek hainbat hamarkadatatik hona bildutako estatistetatik ezagutzen dira.

Eredu kontzeptual edo arauemaile gisa ulertzen da “sistema” gehienbat, hau da, eginkizun eta erabiltzaile desberdinak dituzten liburutegi-moten integratzea, eta modu horretan aztertu ditugu liburutegiak ahal izan den guztietan.

Zehatz-mehatz, 135 liburutegi2 biltzen ditu ikerlanak, hiru multzo handitan banatuta: liburutegi publikoak (LP), liburutegi unibertsitarioak (LU) eta liburutegi espezializatuak (LE)3.

  • Bi heren baino gehixeago (%67,4) liburutegi publikoak dira eta, beraz, edonork erabil ditzake. Liburutegi publikoen sarea osatzen dute, eta Nafarroako Liburutegia da egoitza nagusia. Ondarea kudeatzeaz gain, Iruñeko zein Nafarroako liburutegi publiko nagusia da. 81 udalerritan daude liburutegi publikoak; hamar nafarretik bederatzi (%88,6) udalerri horietan bizi direnez, hurbileko zerbitzua da herritarrentzat, oso garrantzitsua herri eta auzo askotan.

  • Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiak, berez, bi liburutegi-sare garrantzitsu dira; izan ere, hamabi zerbitzu-gune (edo liburutegi zehatz) dituzte4,, euren komunitate unibertsitarioen heziketa- eta ikerketa-beharrak ase nahi dituztenak. Urrutiko Unibertsitateak (UNED) Iruñean eta Tuteran dituen zentro elkartuen liburutegiekin batera, lehen mailako garrantzia dute bi liburutegi unibertsitario horiek.

  • Liburutegi espezializatuak izendapenaren azpian sartu diren zerbitzuek ezaugarri bakarra partekatzen dute: gai edo jatorri zehatzak dituzten funtsak biltzea, gordetzeko edota aipatutako gai horiekin nolabaiteko lotura duten kolektiboak asetzeko. Hona hemen batzuk: elizetako liburutegiak, artxibategietakoak, museoetakoak, elkarteetakoak… edo osasun-langileentzako liburutegi birtual bat, zerbitzuak internet bidez ematen dituena.

Hamar liburutegitik zortzik titulartasun publikoa dute, eta gainerako biek, pribatua.

Publikoa izatea oso garrantzitsua da, baita dena oso ongi antolatuta eta edonork erabiltzeko moduan egotea ere. (LP)

Liburutegiak gure herrian betetzen duen papera funtsezkoa da. Euren espazio propioa dute umeek, txiki-txikitatik, eta lotura handia sortzen da liburutegiarekin, toki atsegina baita eta kultura, aisia, jakintza eta abar biltzen baititu; adin guztietako jendea joaten da, eta denek dute tokia.Ezin dut irudikatu herria liburutegia gabe. (LP)

10

Nafarroako liburutegiek 5 milioi dokumentu baino gehixeago dituzte, eta liburuak dira gehienak (%76,0). Internet bidezko zerbitzuak ere eskaintzen dituzte, gero eta ugariagoa den dokumentazio elektronikoa kontsultatu ahal izateko.

  • 2 milioitik gora dokumentu daude herritar guztien eskura (2.146.249) liburutegi publikoen sarean (75.000 dokumentu berri gehitu zituen sareak 2014an). Liburuak, ikus-entzunezkoak, prentsa eta abar dira, mota guztietako pertsonen behar eta kezkak (kultura, heziketa, informazioa eta aisia) asetzen dituztenak.

  • Liburutegi unibertsitarioetako bildumek, bestetik, ia 2 milioi dokumentu (1.878.604) dituzte, baina dokumentazio elektronikoa ere ugaria da haietan. Dokumentazio hori gordetegi propioetan edo elkarlaneko gordetegietan kontsultatu daiteke, edota dokumentazio akademiko, zientifiko edo medikoari buruz interneten dauden zerbitzuen bidez.

Nafarroako liburutegien gastua, 2014an, 17,7 milioi euro izan zen, hots, 27,6 euro batez beste biztanle bakoitzeko. Erdia baino gehixeago (%54,1) liburutegi unibertsitarioek sortu zuten, eta %40, liburutegi publikoek (Nafarroako Liburutegia barne); gainerakoa liburutegi espezializatuek sortu zuten.

  • Gastuen zati handiena langileei dagokie: aurrekontuaren erdia, gutxi gorabehera, eta alde gutxi dago liburutegi-moten artean.

  • Dena den, erosketei esleitutako aurrekontuaren zatia bereziki apala da liburutegi publikoetan. Ez da hori liburutegi unibertsitario eta espezializatuen kasua, ordea, zuzkidura handiak bideratzen baitira argitalpen zientifiko, akademiko eta profesional berrienak erosteko (aipagarria da Osasun Zientzien Liburutegiaren garrantzia horretan).

  • Bukatzeko, Beste gastu batzuk kapitulua (mantentze-lanak, hornidurak eta komunikazioa, jarduerak eta sareko zerbitzuak, batez ere) handiagoa da liburutegi publikoetan, jendearentzako programa eta jarduera ugari antolatzen baitituzte horietako askok.

Herri txikietan, gainera, ezin ordainduzko lana egiten dute. Horregatik, bikoiztu egingo nuke nik egungo gastua, langile gehiago kontratatzeko, funts gehiago eta hobeak erosteko, baita ordutegi zabalagoa eskaintzeko (jardunaldi erdia eskaintzen du nire herriko liburutegiak) eta zerbitzu gehiago emateko ere. (LP)

Erakunde publikoek ez dute Nafarroako liburutegiek sortutako gastu osoa finantzatzen: 10 eurotik 7 administraziotik dator, eta gainerako 3 euroak, erakunde pribatuetatik.

  • Nafarroako Gobernuak 10,1 milioi euro jarri zituen, 2014an, aurrekontu orokorretatik liburutegien funtzionamendurako, hau da, 15,8 euro biztanle bakoitzeko (7,2 euro biztanle bakoitzeko liburutegi publikoen funtzionamendurako). %46,5 liburutegi unibertsitarioetara bideratu zen. Gutxixeago (%45,9) liburutegi publikoen sarearen funtzionamendurako esleitu zen: %18,9, Nafarroako Liburutegira, eta %27,0, Herrietako liburutegi publikoetara. Gainerako %7,6a liburutegi espezializatuetara bideratu zen.

  • Toki Administrazioak 2,1 milioi euro jarri zituen, 2014an, bere liburutegien funtzionamendurako: 3,3 euro batez beste biztanleko, urtean. Kopuru horretatik, liburutegi publikoetara bideratu zen gehiena. 70.000 euro, ordea, artxibategietako liburutegietara, museoetakoetara eta udal titulartasuneko beste zerbitzu batzuetara bideratu ziren.

  • Erakunde pribatuek 5,4 milioi euro jarri zituzten, honela banatuta: Nafarroako Unibertsitateko Liburutegia (4,8 milioi, hots, %89,7), Civican liburutegi publikoa (420.000 euro, hots, %4,5) eta bestelako liburutegi espezializatuak edo erabiltzaile-talde espezifikoentzakoak (%5,8, hots, 300.000 euro baino gehixeago).

Zerbitzu publikoetako bat da, eta garrantzitsua da, erabat beharrezkoa esango nuke; zerbitzu horretan ikusten dut hobekien nora bideratzen diren nire zergak. (LP)

Estatistika-datuen arabera, lehen autonomia-erkidegoen artean dago Nafarroa, ez bakarrik zuzkidurengatik (liburutegiak eta baliabide informatibo edo ekonomikoak), baizik eta, batez ere, erabilera-indizeengatik, haietara joaten diren biztanleen proportzioagatik, eta hartzen dituzten biztanle eta egiten dituzten maileguen kopuruagatik ere.

Nafarroako biztanleen ia erdiak (%44,8) liburutegiren bateko erabiltzaile-txartela du.

  • Liburutegi publikoetan izena emandakoak dira gehiengoa: 236.000tik gora, hau da, biztanleriaren %36,9k du liburutegi horren txartela (edozein herritarrek eskuratzeko modukoa).

  • Graduko eta graduondoko ikasleak dira, jakina, liburutegi unibertsitarioetako zerbitzuak erabiltzen dituztenak, baina irakasleek eta ikertzaileek ere erabiltzen dituzte, baita beste langile batzuek eta kanpoko erabiltzaileek ere: 23.733 guztira.

  • Bukatzeko, 18.000 pertsonak dute liburutegi espezializaturen bateko erabiltzaile-txartela (bertako espezializatuei lotutakoa).

Haietara joaten direnak jotzen baldin baditugu liburutegi-erabiltzaile (izan txartela ala ez izan), 14 urtetik gorako nafarren heren bat baino gehiago (%35,8) joan da gutxienez behin liburutegi batera azken urtean zehar.

Oso baliogarriak dira liburutegiak. Nire kasuan interneten bidez erabiltzen ditut eta ezinbestekoa da zerbitzu hau herri batean lan egiten dudalako eta ezin nintekeelako egunero liburutegietara joan. (LP)

Pertsona erabiltzaileen profilari dagokionez, emakumeak, heldu gazteak, enplegua dutenak eta bigarren mailako edo goi mailako ikasketak bukatu dituztenak dira nagusi.

 

Nafarroako liburutegiek 4,3 milioi bisita baino gehiago hartu zituzten 2014an, hau da, ia 13.000 bisita eguneko.

  • Liburutegi publikoetan, 2,3 milioi bisita zenbatu ziren, hau da, 3,5 bisita batez beste biztanle bakoitzeko urtean, edota, beste modu batean esanda, erabiltzaile-txartela duen pertsona bakoitzak bisita bat egin du hilean.

  • Liburutegi unibertsitarioei dagokienez, 1,9 milioi bisita zenbatu dira, hau da, 80 bisita baino gehiago erabiltzaile bakoitzeko urtean (maizago joaten dira, beraz).

15

Nafarroako liburutegien erabiltzaileek 813.000 liburu hartu zituzten mailegu iaz. Horrez gain, 300.000 ikus-entzunezko eskatu zituzten, baita bestelako materialak ere; beraz, 1,2 milioi mailegu kudeatu ziren, hau da, ia bi mailegu (1,90) biztanle bakoitzeko.

Nire auzoko liburutegiak komunitatea hobetzen laguntzen du nabarmen, eta material ugari kontsultatzeko aukera ematen dit niri. (LP)

Liburutegi unibertsitarioetan askotan kontsultatzen da dokumentazioa internet bidez: 9,3 milioi baliabide elektroniko deskargatu ziren euren zerbitzuen bidez:

  • 1,4 milioi ordaindu beharreko baliabide elektronikoetatik edo lizentzia dutenetatik deskargatu ziren (liburutegiak egin zuen harpidetza);

  • gainerakoak, ia 8 milioi, baliabide elektroniko propioetatik deskargatu ziren (liburutegietako gordetegi instituzionaletan daude eskura).

Dudarik gabe, estatistiken bidez lortutako informazioak hurbildu egiten gaitu lortu nahi dugun ezagutzara: liburutegien eragina nafar gizartean.

  • Jakin badakigu herritarren, unibertsitate-komunitatea osatzen dutenen eta sektore profesionalen eskura daudela.

  • Jakin badakigu biztanle askok erabiltzen dituztela eta onura ateratzen dietela ematen dituzten zerbitzu batzuei.

  • Jakin badakigu zenbateko gastua sortzen duten eta nola finantzatzen diren.

 

Gauza asko aipa daitezke, eta dirutan motz geratzen gara beti, baina gaurkotasuna duen Garcia Lorca-ren hitzaldi bat gogoan dut; bere herriko Liburutegiaren inaugurazioan… “Medio pan y un libro”… (LP)

Ikerlanak liburutegien eragina ikuspuntu berrietatik baloratzen lagunduko digu:

  • balio ekonomikoa, hau da, zenbat diru itzultzen dioten liburutegi-zerbitzuek Nafarroako ekonomiari (itzulkina);

  • erabiltzaileek antzematen dituzten onurak;

  • goi mailako heziketari eta ikerketari egiten dieten ekarpena;

  • nola baloratzen dituzten herritarrek liburutegiak, izan erabiltzaileak ala ez izan, gizarte osoarentzako erakunde publikoa diren aldetik.

16


2Ikerlanak Estatistikako Institutu Nazionalak egindako Liburutegien estatistika 2014 argitalpenaren behin-behineko datuak erabiltzen ditu. Nafarroako Estatistika Institutuak eman ditu datu horiek, liburutegi publikoen eta liburutegi unibertsitarioen sareen estatistika-iturriekin osatu eta araztu direnak, ahal izan den neurrian (Bibliotecas españolas en cifras eta Rebiun.) Datu horien eta Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratutako behin betiko datuen arteko aldeak ez dira esanguratsuak, ikerlan honen ondorioetarako.

3Ikerlanak, beraz, ez ditu eskolako liburutegiak bildu, nahiz eta Nafarroako liburutegi- sistemaren zati izan, ez baitago haiei buruzko estatistika-informaziorik.

4Soilik Iruñeko campuseko sei liburutegiak edo zerbitzu-puntuak bildu ditu ikerlanak Nafarroako Unibertsitatearen Liburutegiaren saretik (Bartzelonan, Madrilen eta Donostian dauden hiru zerbitzu-guneak kanpo geratu dira, beraz).

>> Errendimendu handiko motorra