47

Adostasun zabala dago Nafarroako biztanleen artean liburutegiek ematen dituzten onurei buruz; izan ere, ez dago ia alderik erabiltzaileen eta erabiltzaileak ez direnen iritzien artean, edota genero, adin, habitat, hizkuntza-eremu, heziketa-maila edo diru-sarreren mailaren arabera.

Ikerlan honetarako egindako inkestek (1.150 elkarrizketa telefono bidez herritarrei gehi 4.100 inkesta web bidez liburutegien erabiltzaileei) adierazle ekonomiko hotzetatik askoz harago doazen balio eta onurak erakusten dituzte.

Ikerlan horrek hiru ikuspegi ematen ditu liburutegiek Nafarroako biztanleen artean duten eragin soziala zehazteari begira:

– herritarrek lortzen dituzten onurak

– liburutegien eginkizunei ematen dieten garrantzia

– liburutegiak erabiltzeko arrazoiak

Onurak gizarte guztiarentzat

Liburutegi publikoen sarearen zerbitzua hobetu eta zabalduz gero, askoz bidezkoagoa da bizi garen gizartea. (LP)

48

Ia biztanle guztiek (%93,4) uste dute liburutegiek kalitateko aisia eta entretenimendua ematen dituztela. Aisia edo denbora librea dira, baita ere, erabiltzaileen arrazoi nagusia liburutegietara joateko: %69,0k garrantzi handia ematen die arrazoi horiei. Era berean, liburutegi publikoen erabiltzaileek aho batez (%97,1) uste dute liburutegiei esker sustatu egiten direla irakurtzeko ohitura, gozamena eta gaitasunak.

Niretzako liburutegiak balio ikusgarria du eguneroko nire egin beharrerako beharrezkoa baita eta nire denbora libreko zenbait jarduera sustatzen baititu. (LP)

Niretzat ezinbesteko zerbitzua da, eta neskatikoa nintzenetik erabiltzen dut. Orain alabari irakasten diot irakurketaren balioa, eta liburutegia lagungarri zait horretan. (LP)

Tradizionalki kulturalak izan diren onurak bezain indartsu edo are gehiago, bestelako onura batzuk ere nagusitzen dira: haurren eta gazteen heziketarako onurak (inkesta egindakoen %98ren aitorpena), ikasteko lekua eskaintzea (%96,1) eta txikienen garapen goiztiarra erraztea (%80,3).

49

Liburutegiek hezkuntza-laguntza gisa duten garrantzia ez da mugatzen bakarrik eskolako ikasleen adinetara, erabiltzaile gehienek aitortzen baitute zerbitzu horiek etengabeko prestakuntzan laguntzen dutela adin guztietan (%91,1). Modu berean, ezaugarri hori ez da esklusiboa “hezkuntza” arloko liburutegietan, hala nola unibertsitate edo ikastetxeetakoetan: 25 eta 64 urte bitarteko erabiltzaileen ustez, ikasteari edo prestakuntzari lotutako arrazoiek bigarren lekua hartzen dute garrantzian, aisiaren ondoren, liburutegi publikoetara joateko arrazoien artean.

Liburutegia balio handikoa da niretzat… Hemen egiten dudan guztia izugarri ona da niretzat baina, langabea izanik, ez dut dirurik kobratzen eta ezin dut diru-ekarpenik egin, hau da, ezin dut dirurik eman liburutegiko zerbitzuak hobetzeko… (LP)

Gizarte batek hezkuntzari ematen dion garrantzia islatzen dute liburutegi publikoek. (LP)

Hamar nafarretik bederatzik (%90,7) aitortzen du liburutegiek erraztu egiten dutela interneterako sarbidea guztientzat; eta lautik hiruk (%77,5) uste du gainera lagundu egiten dutela ordenagailuen eta beste ekipo teknologiko batzuen erabilera ikasten.

so baliagarria izan zait urtetan oposizioak prestatzeko, eta orain haurrentzako testu-liburuak eta helduentzako eleberriak ateratzeko. (LP)

Eta herritarren erdiek baino gehiagok uste du liburutegiak lagungarriak direla enplegu berriak lortzeari begira prestatzeko (%60,8) edo hizkuntzak ikasteko (%52,0).

Liburutegien eginkizunen garrantzia

Liburutegien eginkizunen eta jardueren artean, garrantzi handia izaten jarraitzen dute betidanik haienak izan diren horiek: balio historikoa duten edo komunitate nafarrarentzat interesekoak diren bildumak gordetzea (batez besteko balorazioa: 8,8); bai eta liburuen bildumak eta beste material batzuk eguneratzea eta mantentzea ere, herritarrek erabil ditzaten (8,6).

Baina modu garrantzitsuan nabarmentzen da eginkizun demokratizatzaile bat, lagungarria gizartearen orekari begira: ‘Aukera berdintasuna ziurtatzea informazio eta ezagutzarako sarbidean´ eginkizunak 8,8ko balorazioa lortu du batez beste herritar guztien artean, eta, horrela, eginkizun garrantzitsuena da liburutegien erabiltzaileen ustez.

Liburutegiek izugarrizko aberastasuna edozeinen eskura jartzeko ahalmena dute. (LP)

52

Nortasun kulturala sustatzea ere garrantzitsua da (8,2), bai eta irakurketari lotutako jarduerak antolatzea ere, adibidez egileekin egiten diren topaketak (7,8), edota bestelako jarduera kulturalak antolatzea (7,6).

Gainera, garrantzi handia ematen zaio (7,5) euskarazko kultura zaindu eta hedatzeari begira; logikoki, are puntuazio handiagoa lortzen du horrek eremu euskaldunean (8,6) eta mistoan (7,9).

Era berean, garrantzi handia ematen zaio liburutegiek kulturen arteko elkarbizitzaren alde egiten duten lanari (8,2), baita etorkinen eta egoera zailean dauden pertsonen gizarteratzearen alde ere (8,0).

Nire ustez, liburutegiek oso zerbitzu baliotsua ematen diote gizarteari, kulturarako sarbidea errazten baitiete herritar guzti-guztiei, edozein dela ere haien maila eta denontzako aukera-berdintasuna eskainiz, eta uste dut hori lorpen izugarria dela ongizate eta informazioko gure gizartearentzat. (LP)

Nik ez dut ulertzen liburutegirik gabeko herri, hiri, komunitate edo herrialde bat. Bere ekarpena ezinbestekoa iruditzen zait kultura indibidual eta kolektiboa garatzeari begira. Haiek gabe, jende gehienak nekez izango luke kultura eskuratzeko aukerarik. (LP)

Liburutegia erabiltzeko arrazoiak

Aisia eta denbora librea, ikasketak edo prestakuntza, eta informazioaren kontsulta edo bilaketa; horra nafarrek liburutegietara joateko dituzten arrazoi nagusiak. Ezbairik gabe, ikasketak dira arrazoi nagusia gazteenen artean (14 eta 24 urte bitartekoak); halaber, informazioren bat bilatzea edo kontsultatzea aipatzen dute horiek denbora librearen arrazoiaren aurretik

54

Aitzitik, aisia da arrazoi nagusia 25 urtetik gorakoentzat, eta garrantzia are handiagoa da inkestari erantzun diotenen adinak gora egin ahala. Baina prestakuntzak liburutegietara joateko arrazoi oso handia izaten jarraitzen du baita helduenen artean ere.

Liburutegira beste bati laguntzera edo norbaitekin egotera joaten direnak 25 eta 44 urte eta 45 eta 64 urte bitartekoak dira nagusiki; noski, seme-alaba txikiak dituzten pertsonak dira, haiekin batera joaten direnak liburutegira.

Liburutegia laneko arrazoiengatik erabiltzea ez zen batere ohikoa zerbitzu honetan duela gutxi arte, baina etorkizunari begira gero eta garrantzi handiagokoa izan daiteke, belaunaldi gazteenak baitira horretan batez bestekoa gainditzen dutenak.

“Nahitaezkoa da, besterik gabe”

55

Liburutegi unibertsitarioetan, hezkuntza eta jarduera ikertzailea dira haiek erabiltzeko arrazoi nagusiak. Bestalde, laneko arrazoiak edo arrazoi profesionalak nabarmentzen dira baita ere liburutegi espezializatuen erabiltzaileen artean, eta osasun sistemako langileek pisu garrantzitsua dute lagin horretan.

Beti erabili izan dut liburutegia ikasketak direla eta, urte asko eman ditut horretan, eta orain laneko arrazoiengatik egiten dut, lan duina lortzeko. (LP)

Nire ustez, neurtezina da liburutegi on baten balioa. Hura gabe ezin ikerlanik egin… Irakaskuntza unibertsitariorik ere ezin liteke egin, ez bederen halako izen bat mereziko lukeenik… (LU)

Unibertsitateko komunitate-multzoarentzat, ez dago batere dudarik liburutegi-zerbitzuek unibertsitateko jardueran duten garrantziaren gainean.

Liburutegia funtsezkoa da ikerketarako eta irakaskuntzarako. Liburutegi on bat egon ezean, ikerketa eta irakaskuntza txarrak dira, esperientzia unibertsalak frogatu duen bezala. (LU)

Hezkuntzako alderdietan, baita akademikoetan ere, batez besteko balorazioa 8,1ekoa da 0tik 10era bitarteko eskala batean; handixeagoa da irakasle eta ikertzaileen artean (8,5) ikasleen artean baino (7,9), nahiz eta aldea ez izan sobera handia.

58

Ikerketaren arloan, balorazio pixka bat txikiagoa ematen diote liburutegiari: batez beste, 7,9; 8,5ekoa da irakasle eta ikertzaileen artean, eta 7,6koa ikasleen artean.

Balorazio ekonomikoa eginda, Nafarroako liburutegiek ikerketari egiten dioten ekarpena 16,2 milioi eurokoa da urtean, baina ikuspegi kualitatiboago batetik ere azter daiteke ekarpen hori; horretarako, bai unibertsitatean bai osasun-sisteman ikerlanak egiten dituzten pertsonen erantzunak aztertu behar dira.

  • Unibertsitateko (%51,1) edo osasun-sistemako (%54,6) ikertzaileen erdiek uste dute liburutegiko edo informazio-zentroko informazioa eta bertako profesionalen laguntza gabe ezin izango zutela egin landu duten azken ikerketa-proiektua.

  • Laurdenak, hor nonbait (%24,2 unibertsitarioen artean eta %27,8 osasun arloko profesionalen artean), uste du liburutegiko edo informazio-zentroko informazioa eta bertako profesionalen laguntza gabe bere lanak ahuleziak izango zituela, hain ona ez zela izango, eta erreferentzia batzuk faltako zituela.

  • %16,8k eta %12,4k uste dute erreferentzia garrantzitsuak faltako zirela egindako lanean.

  • Eta ikertzaileen hamarrenak baino gutxiagok (%8,1 unibertsitatean eta %5,2 osasun-sisteman) uste du liburutegirik eta bertako profesionalik gabe berdin-berdin egingo zuela bere lana, erreferentzia garrantzitsurik falta gabe.

Ezinbestekoa da egunean egoteko eta ikerketa-proiektuak planteatzeko (LE)

Lehen pertsonan

Liburutegien ekarpenak eta onurak benetan dira garrantzitsuak erabiltzaileek beraiek antzeman eta adierazten dituztenean. Herritarren eta liburutegien erabiltzaileen iritzia funtsezko zutabea izan dira ikerlan hau eraikitzeko orduan. Gainera, inkesta egindako pertsona askok hitza hartu dute zuzenean, galdetegiko galderei erantzun eta gero ere, eta komentario baliotsuak egin dituzte, lehen pertsonaren adierazkortasuna eta sendotasuna emanda.

Guztira, webgunearen bidez inkesta egindako 1.055 pertsonak beren iruzkinak egin dituzte, testu librearen bidez, haien ustez liburutegiek duten balioaren eta onuren berri emanez:

  • Liburutegi publikoen erabiltzaileen 703 iruzkin;
  • Liburutegi unibertsitarioen erabiltzaileen 260 iruzkin;
  • Eta liburutegi espezializatuen eta dokumentazio-zentroen erabiltzaileen 92 iruzkin.

59

Jakina, iruzkin horien artean ez da hobetzeko eskaerarik eta iruzkinik falta (ordutegiak, wifia, langile gehiago…). Baina agerian uzten dute liburutegia onuragarria dela bai gizarte guztiarentzat, bai hura erabiltzen dutenentzat, zuzenean eta ñabardura eta ikuspegi desberdin ugarirekin.

Oinarrizkoa iruditzen zait, gizartearentzat, seme-alabentzat eta niretzat (LP)

  • Iruzkinetan onura ugari aipatzen dira, hala nola onura eta balio sozialak, demokratikoak, komunitarioak, elkarbizitzakoak, gizarte heziketakoak, nortasun komunitarioa, begirunea, justizia, aukera berdintasuna…

  • Liburutegia elkargune gisa nabarmentzen dute, sozializatzeko, beste pertsona batzuk ezagutu eta haiekin gauzak partekatzeko.

  • Eta nabarmentzen dute liburutegiak zer ekarpen egiten dieten garapen pertsonalari begira: aberasgarri gisa, “pertsona izateko”, askatasuna, errealizazio pertsonala, elkargune, ikasketa, prestakuntza, kalitateko aisia…

  • Onura horiek diferente aitortzen dituzte beren bizitzako etapa desberdinetan.

  • Beste batzuek balio ukiezinak azpimarratzen dituzte, adibidez belaunaldien arteko zerbitzua edo familiarra izatea.

  • Liburutegiak herri edo auzo baten bizitzan duen garrantzia.

  • Eta, behin eta berriz, liburutegietako profesionalen lanaren sintonia berezia eta aitorpena azpimarratzen da, liburuzainen profesionaltasuna, buru-belarri aritzea eta tratua (oso salbuespen bakunak daude, hain zuzen ere kontraste handia eginda), eta lan hori goragarria, bikaina, ezin ordainduzkoa dela ere aipatzen da.

Hona hemen adibide batzuk:

60

Liburutegi batean, hara joaten diren pertsona motengatik edo, gizabidezko maila eta heziera beste inguru batzuetan baino handiagoa da. Haiek erabiltzeak pertsona hobeak bilakatzen gaitu. (LP)

Liburutegirik gabe bizitza askoz grisago izango litzateke. (LP)

Pertsonen garapena sustatzen dute, baita ikasketa kritikoa eta autodidakta lantzeko gaitasuna ere. (LP)

Munduko lekurik politena da amets egiteko eta duintasuna berreskuratzeko. (LP)

Niri bizia eman dit. Niretzat aurkikuntza garrantzitsua izan zen, duela hamabost edo hogei urte zerbitzu horiek erabiltzen hasi nintzenean. (LP)

46 urte ditut, eta 6 urte nituela hasi nintzen liburutegiak erabiltzen. Etxez aldatzen naizenean, liburutegi hurbilena bilatzea da egiten dudan lehen gauzetako bat. Osasun-zentroa bezain garrantzitsua da herritarren osasuna zaintzeari begira. (LP)

Aberasgarria da pertsonentzat, jakinduriaz betetzen dituelako; garrantzitsua da gizarte batean. Ikastea eta irakurtzea funtsezkoak dira pertsonen heziketa eta garapenari begira, eta ongi prestatuta egon behar dugu etorkizunari aurre egin eta orainaldia kalitatez bizitzeko. (LP)

Joaten naizen bakoitzean iruditzen zait PRIBILEGIO bat dela liburutegi bat izatea, gauza asko eskaintzen dituelako: hurbiltasuna, erraztasuna, dibertsitatea, askatasuna… Eta gainera oso atseginak dira, eta dohainik. Bada beste lekurik hainbeste eskaintzen diena adin, arraza, ideologia guztiei… inolako bereizketarik gabe? (LP)

Oso aberasgarria izan zen nire nerabezaroan eta hala izaten jarraitzen du bere literatura, komiki eta musikarekin. (LP)

9 urterekin hasi nintzen eta orain 29 ditut, eta epe luze horretako gozamenagatik, uste dut FUNTSEZKO erakunde bat dela herritarrentzat. (LP)

Ni zoriontsua naiz liburutegira joaten eta ez zait halakorik gertatzen beste inongo areto publikotan. (LP)

Ezinbesteko zerbitzu bat iruditzen zait hainbat esparrutan. Uste dut modu argian eta oso positiboan laguntzen duela herritar guztien garapen pertsonal eta sozialean. (LP)

Ezinbestekoa dut nire eguneroko lanean. (LE)

Liburutegi birtuala ezinbestekoa iruditzen zait nire lana egiteko eta informazio eguneratua izateko; maiz erabiltzen dut, bai kontsultategitik, lanean, bai eta batez ere etxetik, edozein gairi buruzko kontsulta egiteko edo zerbait ikasteko. (LE)

Liburutegiak ezinbestekoak dira garapen profesionalerako, eta, aldi berean, nabarmen laguntzen diote garapen pertsonalari zein sozialari. (LE)

61

Liburutegirako onlineko sarbidea aurrerapen izugarria izan da osasun arloko langileontzat, gure espezialitatearen gaineko informazio eguneratua lortzeko eta gure pazienteen kasu zehatzei erantzuna eman ahal izateko. (LE)

Ni depresio kronikoak jota nago, eta liburutegira joatea entretenigarria eta osasungarria egiten zait. (LP)

Liburutegirik gabe, ezingo genuke burutu egiten ari garen azterlana. Doktoregai naizen aldetik, nire lanpostua da, eta bertako zerbitzuak aurrera egiteko aukera ematen didan motorra dira. (LU)

Osasun arloko langilea naiz eta behar-beharrezkoa ikusten dut gure eguneroko lanerako, pazientearekiko konpromisorako eta zientziaren aurrerapenerako, dokumentazio-zentroak eta liburutegi birtualak azken urteotan bezain osatua eta efizientea izaten jarraitzea. (LE)

Liburutegia hasierako puntua eta erreferentzia da, nire kasuan, edozein ikerlan egiteko orduan. (LE)

Uste dut zerbitzu garrantzitsua dela eta ia ezinbestekoa Nafarroako Gobernuko profesionalen maila zientifikoari eusteko. (LE)

Uste dut administrazioak mesede egin behar diela liburutegiei, prestakuntza errazten dutelako eta adin, kultura eta maila desberdinetako pertsonen elkargunea delako. (LP)

Liburutegiak ezinbestekoak dira. (LP)

Uste dut liburutegien zerbitzua ezinbesteko laguntza dela herritarrei prestakuntza integral eta dibertsifikatuan aurrera egiteko aukera eskaintzeko, bai eta aisia eraikitzaile baterako sarbidea eskaintzeko ere. (LE)

Liburutegia berez gizartearen erakunde demokratizatzailea da eta, halaber, kultura, ikerketa eta gizarteen garapenerako sarbidea era bada. (LE)

>> Balioaz harago