Liburutegien balioa

Nafarroako liburutegi-sistemak ematen dituen balio ekonomikoaren eta onura sozialen gaineko ikerlanaren emaitzak.


Liburutegiak inbertsio bikain baten gisara aurkezten dira. Ez bakarrik arlo ekonomikoko kostuak eta etekinak alderatuz gero, baita ere pertsonen eta gizartearen ongizatean duen eragin positiboa aztertuz gero.

Nafarroako liburutegietan urtean inbertitutako euro bakoitzeko, haiek 3,49 €-tik 4,66 €-ra bitarte itzultzen dituzte haien zerbitzuen bidez.

Ikerlan honetan bi metodo erabili dira liburutegien balio ekonomikoa kalkulatzeko, eta emaitzak balio minimo eta balio maximotzat jotzen dira. Bi kasuetan, liburutegien errentagarritasuna frogatzen duten ebidentzia sendoak eskaintzen dira.

20eu

Urtebetean erabilitako zerbitzuen balioa, merkatuaren araberako prezioak aintzat hartuta, 61,7 milioi euro da. Gastuak kenduta (17,7 milioi), liburutegiek sortzen duten etekin garbia 44,1 milioi euro da urtean.

17

Erabiltzaileek estimazio handixeagoa egiten dute liburutegiaren erabilerari prezio hipotetiko bat jartzen badiote; liburutegiek ikerketari egiten dioten ekarpen estimatua kontuan hartuz gero, balioa 82,3 milioi euro da urtean.

Liburutegien garrantzia zerbitzu kultural gisa dutena baino harago doa: lehen mailako hezkuntza-baliabidetzat ere jotzen da, baita garapen sozialeko baliabidetzat ere, eta horrekin bat datoz bai liburutegiak erabiltzen ez dituen sektore soziala, bai erabiltzaileak.

Eginkizunen artean, garbi nabarmentzen da ‘Aukera berdintasuna ziurtatzea informazio eta ezagutzarako sarbidean´; 8,8ko balorazioa lortu du batez beste herritar guztien artean, eta eginkizun garrantzitsuena da liburutegi publikoen erabiltzaileen ustez.

Ezinbestekotzat jotzen dira goi mailako hezkuntzarako eta ikerketarako, eta garrantzi handia dute unibertsitateen eta beste esparru profesional batzuen kalitate orokorrean.

Ikerlana estatistika-iturrietan oinarritzen da, bai eta Nafarroako biztanleen eta liburutegien erabiltzaileen artean egindako 5.200tik gorako inkestatan ere. Nafarroako eta estatu mailako profesionalek, erakundeek eta enpresek lagundu dute hori egiten.

Liburutegi Lankidetzarako Kontseiluak bultzatuta, ikerlan hau Espainian eta beste herrialde batzuetan egindakoei gehitu behar zaie; izan ere, aurretik zenbait ikerlan egin dira liburutegien balio ekonomikoa zenbatzeko eta liburutegiak herritarren ikuspegitik ebaluatzeko.

 

Aurkibidea

Liburutegien balioa
Nafarroako liburutegiak
Errendimendu handiko motorra (I)
Errendimendu handiko motorra (II)
Onurak pertsonentzat; onurak guztientzat
Balioaz harago
Nola egin den ikerlan hau

 Aurkezpena

Sólo el necio confunde valor y precio
(A. Machado, Proverbios y cantares)

 

Ikerlan honek Nafarroan dauden liburutegi guztien balioa kalkulatu nahi du. Izan ere, helburua ez da soilik ezagutzea zenbat liburutegi dauden, zer bilduma eta informazio-baliabide dituzten, zer zerbitzu eskaintzen dituzten edo zenbateko gastuak sortzen dituzten, baizik eta kalkulatzea erabiltzaileen ustez duten balioa, hots, zer balio esleitzen dizkieten erabiltzaileek liburutegiei.

Horrez gain, liburutegien balio ekonomiko eta sozialak zehaztu nahi dira, ahal den neurrian, hau da, zer ahalmen duten ongizatea zein garapen-aukerak emateko.

Ez nuen inoiz pentsatu lokal honek izan zezakeen balio ekonomikoaz. (LP) 1

Oro har, dohainik ematen dituzte zerbitzuak liburutegiek, erabiltzaileek ez baitute ezer ordaindu behar (zuzenean, behintzat) erabiltzeagatik. Bizi garen merkatu-gizarte honetan, dirurik tartean ez egoteak eragiten du herritarrek ez jakitea beti zein den liburutegien balioa. Alegia, ez dakite zehazki zer ematen dioten komunitatearen bizitza ekonomikoari eta zer onura ematen dizkieten erabiltzen dutenei zein gizarte osoari.

2

Liburutegien Lankidetza Kontseiluaren ekimen batetik abiatu zen ikerlana, 2013an, liburutegiek gizartean duten eragin sozioekonomikoa ikertzeko eta hedatzeko xedez. Azken hamabost urteetan beste herrialde batzuetan egindako ikerlanek eta Espainian izandako lehenengo esperientziek erakusten zuten badagoela liburutegiak ebaluatzeko modu berri bat, modu hurbilago bat, azken hamarkadetako eraldaketetara egokitua.

Erakunde publiko zein pribatuek, liburutegiek, enpresek eta profesionalek lagundu dute ikerlana garatzen. Zehazki, Nafarroan bizi diren 14 urtetik gorako 5.200 pertsonak baino gehiagok erantzun diete ikerlanerako berariaz jorratutako inkestei. Bestetik, estatistika-iturri ofizialak eta bigarren mailako dokumentuak erabili dira. Horri buruzko informazio zehatzagoa nahi izanez gero, jo ezazu 6. atalera: Nola egin da ikerlana?

Guneak kultura, informazioa, hausnarketa… eskaintzen ditu. Kontsumoa nagusi den gizarte honetan, beharrezkoa da konturatzea eta jakitea zer den guztiona. (LP)


1Goiko iruzkina eta txostenean dauden gainerakoak ikerlan honetarako liburutegien erabiltzaileei egindako inkestetatik atera dira. Iruzkinen amaieran, esaldia esan duenak zer liburutegi mota erabiltzen duen adierazten da: (LP), liburutegi publikoa; (LU), liburutegi unibertsitarioa; (LE), liburutegi espezializatua.

>> Nafarroako liburutegiak