Liburutegiek gizarte nafarrean duten garrantzia zerbitzu kultural gisa dutena baino askoz harago doa. Liburutegiak oinarrizko zerbitzu gisa antzematen dira, ikastetxeak bezala; izan ere, Nafarroako biztanleen %84,7 ados dago baieztapen horrekin, eta 7 puntu edo gehiago ematen dio 0tik 10era bitarteko eskala batean. Liburutegi publikoen erabiltzaileen artean, portzentajea igo eta %92,0 dira baieztapen horrekin ados daudenak.
Nire ustez liburutegiak ezinbesteko baliabideak bihurtu dira, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuekin parekatzeko modukoa (LP)
Osasuna eta irakaskuntzaren ondoren, zerbitzu komunitario onena (LP)
Okindegiak bezain beharrezkoak dira gune horiek. (LP)
Erabiltzaileek 7,8ko balorazio globala ematen diete, batez beste, erabiltzen dituzten liburutegiei, 0tik (balorazio guztiz negatiboa) 10era (oso ona) bitarteko eskala batean. Balorazio hain positibo horrek ez du aldaketa handirik liburutegiko mota desberdinen artean; bakarrik inkesta webgunearen bidez egin dutenek agertu dute balorazio handixeagoa telefono bidez egin dutenen aldean.
Era berean, ikusitako aldaerak (generoa, adina, habitata…) aztertuz gero ere ez da alde handirik agertzen; salbuespena da belaunaldi gazteenek balorazio apalagoak egiteko agertzen duten joera eta, aitzitik, adinekoenek balorazio hobeak egiteko dutena. Antzeko moduan, liburutegi unibertsitarioen balorazioa handiagoa da irakasle eta ikertzaileen artean ikasleen artean baino. Baina kolektibo guztietan, batez besteko puntuazioa 7,5etik gorakoa da.
Liburutegiko alderdi zehatzen balorazioari dagokionez, nabarmentzeko modukoa da langileen arretari eta profesionaltasunari emandakoa, handiena liburutegi publikoen eta espezializatuen erabiltzaileen artean. Unibertsitateetako irakasleen eta ikertzaileen artean ere liburutegietako profesionalak dira balorazio onena jasotako alderdia, nahiz eta ikasleek puntuazio txikixeagoa eman.
Ni joaten naizen liburutegia (…), elkargune bikaina da, eta aparteko lekua kultura eta giza harremanak sustatzeko, giza talde ezin hobe baten ekimenari eta ilusioari esker. Esker oneko hitzak besterik ez dago haientzat. (LP)
Balorazio onenetakoa jasotzen dute halaber instalazioek: eraikinaren kokalekua eta irisgarritasuna, barne seinaleak, materialak aurkitzeko erraztasuna, edo instalazioen erosotasuna eta konforta.
7tik gorakoak dira liburutegiko informazio baliabide eta zerbitzuei emandako balorazioak; salbuespena da erabilera publikoko ekipamendu teknologikoa eta ikus-entzunezkoen horniketa liburutegi publikoetan. Liburutegi espezializatuetan ere pixka bat apalagoak dira puntuazioak, internet bidezko zerbitzuak izan ezik, bereziki baloratuak baitaude osasun arloko langileen artean.
Gizartea ez dago baliabide eskaseko liburutegiak onartzeko prest; izan ere, funtsezko balioak ematen dizkio herritarren garapenari begira, eta gizarte bidezkoagoa eta askeagoa sortzen laguntzen du. (LE)
Programazio kulturalak eta irakurketa sustatzekoak 7,1eko puntuazioa lortzen du liburutegi publikoetan. Baina informazioa eskuratzeko prestakuntza ikastaroen edo baliabideen eskaintzan, hizkuntzen ikasketan edo IKTetan, balorazioa txikixeagoa da liburutegi guztietan.
Azkenik, multzoarekin alderatuta, liburutegi publikoetan balorazio kritikoagoak jasaten dituzte zenbait alderdi sozialek, hala nola beste entitate batzuekin lankidetzan aritzeko gaitasunak eta egoera zailean dauden gizarte sektoreekiko konpromisoak.
Baina badago adierazle argi bat erabiltzaileek Nafarroako liburutegiekiko duten estimuaren berri ematen diguna: prest egotea haien erabilera gomendatzeko ingurune hurbilenean; izan ere, edozein liburutegitako hamar erabiltzailetik bederatzi (%87,6) prest dago horretarako, eta jarrera hori ia ahobatezkoa da liburutegi publikoen erabiltzaileen artean (%98,1).
Gainera, liburutegi publikoen hamar erabiltzailetik ia sei (%57,7) prest agertzen da boluntario gisa laguntzeko liburutegiko jardueretan, hau da, pertsona ezinduei liburuak irakurtzea edo eramatea, ipuinak kontatzea, dibulgazio-ikastaroak ematea… Eta erdiak, hor nonbait, prest leudeke parte hartzeko laguntza edo ikuskaritzako organoren batean liburutegiaren kudeaketaren barnean.